Oharra 2
Lagun agurgarri hori,
Mezu honen bidez, erantzuna eman nahi diogu 2009ko apirilaren 21eko testuari (www.rekaldeadhesiones.com) zuk eman zenion sostenguari. Testu horretan aditzera eman genuenez, kezkatuta geunden, Bilboko Rekalde Aretoan eragina izango zuten erabaki politiko batzuk ikusita. Orain, erantzuna ematen dizugu, alde batetik, interesa izango duzula uste dugulako, eta, bestetik, orduko erabaki horiek orain hasi direlako bentan betetzen.
Aretoari babesa emateko gutun hark 647 lagunen atxikipena jaso zuen. Lagun horiek arte garaikidearen errealitatearekin zuten zerikusia, eta herrialde askotakoak ziren. Gutuna egunkarietan argitaratu zen, eta Bizkaiko Batzar Nagusien Kultura Batzordea osatzen zuten alderdi politikoetako ordezkariei bidali genien, Batzorde hori baitzen egoera balioztatzeaz arduratzen zena.
Hasieran iruditu zitzaigun Rekalde Aretoaren arduraduna eta Bizkaiko Foru Aldundiaren kultura-diputatua den Miren Josune Ariztondok eman zituen lehen erantzunak onak zirela, egunkarietan egindako adierazpenen bidez aldeko erantzuna eman baitzion Rekalde Aretoak egindako programari eusteko guk egin genion eskaerari. Orain, ordea, arazoaren azken ondorioa eman da ezagutzera:
Aretoko zuzendaria kargutik kendu dute, eta, horren ondorioz, zuzendari-kargua hartu aurretik betetzen zuen postura itzuli da, komisario-postura, alegia; eta komisario-postua izan da, hain zuzen, Rekalde Aretoko programazioaren arduradun guztiek orain arte bete duten lanpostua. Hala, bada, administrazio-egoera horren ondorioz, 2006. urtetik hona Aretoko programaren arduraduna zen pertsona, Leire Vergara, zegokion lanpostutik bota dute. Alabaina, Leire Vergarak ez zuen batere zerikusirik zuzendaria kargutik kentzeko apirilean dekretuz eman zuten aginduarekin. Nabaria da Miren Josune Ariztondo kultura-diputatuak izan duen jarrera ez dela batere koherentea: alde batetik, babesa eman dio Rekalde Aretoak egin duen programari, hala komunikabideen bidez, nola Bizkaiko Batzar Nagusien Kultura Batzordean; baina, bestetik, kargutik kendu du programa horren ardura zuen pertsona, ustezko administrazio-arrazoiak bultzatuta.
Hala zegokion garaian, profesionalen elkarte askok (besteak beste, Espainiako Arte Garaikideko Zuzendarien Elkarteak, Arte Garaikidearen Institutuak eta Ikusmen Arteetako Kritikarien Kontseiluak) eskaera hau egin zioten kultura-diputatuari: museo eta arte-zentroetako Jardunbide Egokien Agirian jasota zeuden gomendioak ezar zitzan. Izan ere, agiri hori hainbat lanbide-elkartek eta Kulturako Ministerioak sinatuta zegoen. Alabaina, orain arte, kultura-diputatuak ez du batere deialdirik egin, Rekalde Aretoaren arte-zuzendaritza lehiaketa publikoaren bidez betetzeko. Gure ustez, goian aipatu ditugun elkarteekin bat etorrita, Rekalde Aretoak maila handia eskuratu du arte-arloko instituzioen artean; eta, hortaz, ezin da alde batera utzi horrelako prozedura bat, arte-arloan dauden eragile eta instituzio guztien iritziz funtsezkoa baita prozedura hori betetzea.
Gure aurreko idazkian, argi eta garbi adierazi nahi izan genuen Rekalde Aretoko programak izan duen balioa, ondo egiaztatutako balioa. Oraingo egoera hau eragin dutenek ere jendaurrean onartu dute Aretoko programak izan duen balioa. Hala, bada, hauxe besterik ezin dugu eskatu: erabaki egokiak har ditzaten, eta arduragabekeriarik izan ez dezaten, azken urte hauetan Rekalde Aretoak nazioartean lortu duen izena eta sona ez hondatzeko. Izan ere, hori egiaztatu dugunok ondotxo dakigu, gainera, zein zaila den sona eskuratzea eta zein hauskorra den horri eustea, oso kasu bakanetan lortzen baita, hain zuzen, arte-arloko eragileen eta kulturako kudeatzaileen artean konfiantza dagoenean. Hainbeste erabaki oker hartu ondoren, konfiantza hori ezin da segurutzat jo. Arretaz eta kezkaz hartuko ditugu prozesu honek izango dituen ondorioak, bai eta ausardiaz ere.
Egoera honi erantzuteko ekimen publikoren bat sortzen bada, jakinaraziko dizugu; eta, era berean, aditzera emango dizugu prozesu tamalgarri hau zertan bukatzen den.
Eskerrik asko eta agur,